Indarkeria matxistari aurre egingo diote Asteasuko festetan

2019an Erratztuz taldean bildutako gazteek landutako indarkeria matxistaren kontrako protokoloa aplikatuko dute aurtengo sanpedroetan. Herritarrei gaiarekin arduraz jokatzeko eskatu diete gazteek.

Iturria: Tolosaldeko ataria 

Argazkia: Aiurri

San Pedro jaietan indarkeria matxistari eta sexu erasoei aurre egiteko neurriak hartuko dituzte aurten. Gai honekiko arduraz jokatzeko deia luzatu diete herritarrei Erratztuz gazte taldeko kideek: "Asteasuko festak denontzat izatea, denok libre disfrutatu ahal izatea, denon ardura da". Aurten, prebentzioan jarri nahi dute indarra, Asteasu gune segurua izan dadin, eta erasoren bat gertatuko balitz, biktima bakarrik egon ez dadin.

"Akosatzea ez da ligatzea. Animatzen zaituztegu ligatzeko eremu segurua izan dadin festa gunea, non denok libre eta eroso sentituko garen, nahi dugun pertsonarengana hurbiltzeko, proposatzeko, seduzitzeko, eta noski, proposamenei libreki baiezkoarekin edo ezezkoarekin erantzuteko. Presiorik gabe, xantaiarik gabe eta indarkeriarik gabe", esan dute Erratztuz taldeko kideek. 

2019an, herriko gazte talde bat elkartu zen indarkeriaren gaia lantzeko. Taldearen dinamikaren emaitza nagusia San Pedro jaietako indarkeria matxistaren kontrako protokoloa lantzea izan zen. "Festetako egun nagusietan txandak egin genituen, erasoak emanez gero aurre egiten laguntzeko. Herritarrei protokoloa banatu eta inplikazioa bultzatzeko Ni ere prest leloa zeramaten txapak banatu genituen. Tabernari eta txosnakoak ere inplikatu genituen lanketan". Esperientziaren balorazio "oso positiboa" egin zuten gazteek behin festak bukatuta: "Hiru egoeretan esku-hartu behar izan genuen eta eremu seguru bat sortu izanaren sentsazioa izan genuen, herritarrak inplikatu ziren".

Aurten ere protokoloa martxan

Pandemiagatik bi urtetan festarik antolatu gabe egon ondoren, Asteasuko Udala aurten berriro jarri da harremanetan Erratztuzen aritutakoekin eta baita emakume taldekoekin ere. Taldetxo batean herriko gazteak elkartu eta gai honi heldu diote azkeneko hilabeteetan. Prebentzioan jarriko dute indarra aurtengoan eta horretarako sentsibilizazio tailerrak antolatuko dituzte. Bata gaztetxoen gurasoentzat antolatuko dute eta beste bi izango dira, sexuka banatuta, bata gizonezkoentzat eta bestea emakumezkoentzat. "Garrantzitsua iruditzen zaigu denon kontua dela jabetzea eta gizonek ere gai honen inguruko ardurak hartzea", esan dute gazteek.

Protokoloa jaietako egitarauarekin batera banatuko dute egunotan, etxez etxe. Bertan, eraso bat gertatuko balitz jarraitu beharreko pausoak azaltzen dira, eta aditzera ematen da, festek irauten duten bitartean telefono bat egongo dela martxan. Gainera, tabernari eta txosnako arduradunekin hitz egingo dute, berriro ere, protokoloan bildutako puntu nagusienak azaltzeko. Herritarrei, 2019an bezala, Ni ere prest esaten duten txapak jartzeko deia luzatu diete. 

Asteasuko Udalaren izenean Pili Legarra alkateak eskerrak eman dizkie herriko gazteei, "inplikazioagatik eta antolatutako ekimenagatik". Tabernari eta herriko txosnako arduradunekin gogoratu da alkatea eta haiei ere eskerrak eman dizkie. "Lanketa hau aurrera urrats bat da, eta pauso hori eman ahal izan da, herri ekimenak eta udalak bat egin dutelako". Legarrak aurreratu du udalak indarkeria egoerak kudeatzeko eta horien aurrean biktimaren arreta eta erantzun publikoa antolatzeko prozesu bat jarriko duela martxan irailetik aurrera. "Prozesu horretan herritarren ahotsa ere garrantzitsua izango da", esan du alkateak.